Gaurkotasun EAThink

Eskola-Baratzerako 2018-2019 ikasturteko Agenda eskuragarri

28 Eka 2018

Jakoba Errekondo eta Bizi Baratzearekin egindako elkarlanean, 2018-2019 ikasturte osoan zuen ikastetxeko baratzea landu, zaindu eta goxatzeko gidaliburua eskuragarri duzu dagoeneko.

Ikastetxeetan egiten direnean, taldean eginak izaten dira baratzeak. Ikasleak, irakasleak, gurasoak, laguntzaileak eta beste jende askok parte hartzen dute baratze baten egunerokoak osatzen duen istorioan.

Istorio hori, bere egunerokoan, komeni da moldatu eta sortu ahala nonbaiten jasotzea. Hurrengo batean, ikasle berriak etorriko dira baratzera; edo beste irakasle batek hartuko du ardura; edo guraso talde bat azalduko da. Eta baratzearen historia eta istorioak ondo dokumentatu baditugu (bideoak egin, gertatzen dena argazkietan bildu eta egiten ditugun urrats guzti-guztiak idatzita jaso), errazagoa izango da dena etorkizunean. Horretarako da agenda hau: gure eskola-baratzearen istorioa jasotzeko.

Agendak hiru helburu ditu:

  1. Landareei eta baratzeko lanei buruz gure inguruan entzuten edo irakurtzen ditugun esaerak, ohiturak eta abar jasotzea.
  2. Astez aste baratzean egin behar diren lanen berri izatea.
  3. Guk egiten ditugun lanak ahalik eta zehatzena jasotzea: zein landare-aldaera erabili dugun, zein lan egin dugun, noiz erein, landatu edota kimatu behar dugun, eta abar.

Hiru horiekin agenda osatzen badugu, gure baratzeko entziklopedia egiten hasiak gara.

Geure baratzean gertatzen dena hor bakarrik gertatzen da. Eta, jasotzen badugu, erraztu egingo dugu baratze horren etorkizuna eta bertan aritu behar dutenen lana.

Agenda formatu digitalean hemen eskuratu ahalko duzu: Eskola-baratzerako Agenda 2018-2019

Formatu fisikoan EAEko zentro guztietara bidaliko bada ere ale bat eskuratu nahi baduzu jar zaitez gurekin kontaktuan eta bidalketa nola egin adostuko dugu: eathink2015@euskalfondoa.org

Agendarekin batera baliagarri izan daiteken eskola-baratzeen inguruko liburuxka ere badugula gogoratu: EAThink - Eskola-baratzea

Eskola-baratzea aurrera eramateko 2018-2019 ikasturterako online ikastaro bat ere prestatu dugu Jakoba Errekondorekin batera: https://www.uik.eus/eu/eskola-baratzeak-eta-horien-erabilpen-didaktikoa

Share  Partekatu