Kanpainak
Desioak sutan Sahararentzat
Abuztuak 21, Desioak sutan TOLOSAN (xehetasun guztiak HEMEN)
Desioak sutan Sahararentzat 2015 ekimenaren aurkezpen prentsaurrekoa HEMEN
Elkartasuna da herrien samurtasuna, eta Zarautzek inoiz baino samurrago hartu nahi izan zituen duela pare bat urte haur sahararrak. Oporrak bakean igarotzera heldu zirenei, Saharar Herria gure bihotzean dugula erakutsi nahi izan genien. Abuztuaren erdian, ehunka desiori su eman eta hegan jarri nahi genituen, Saharan izarrak ikustean Euskal Herritik heltzen zaien elkartasuna sentitu zezaten: Desioak Sutan Sahararentzat izena eman genion ekimenari.
Zarauzko malekoia elkartasunez piztu nahi genuen eta, ikuskizun ederra izateaz gain, desioak sutan eta hegan jartzeko aukera eman nahi zuen guztiari.
Helburua ere iragarri genuen: su bola bakoitza euro batean saltzea eta euro hori Saharautz elkartera bideratzea, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan dituzten egitasmoak laguntzeko. Azken batean, beraz, elkartasuna, festa, parte-hartzea eta ikuskizuna uztartzen zituen ekimen berritzailea zen, su artifizialak beharrean benetako suak erabilita.

Ekitaldiak eta herritarren zein bisitarien partaidetzak aurreikuspen guztiak gainditu zituen: erositako 2.000 su bolak agortu egin ziren, eta jende asko geratu zen desioei su emateko irrikaz. Baina ikuskizunaz behintzat gozatu zuten. Ederra izan zen, benetan. Iaz ekimena errepikatu genuen. 2.000 su bola beharrean 3.000 bota genituen, eta hala ere jendea gehiagoren irrikaz geratu zen, su bola guztiak agortuta. Sare sozialetan eta hedabideetan ere oihartzun nabarmena izan zuen berriro ekitaldiak, sahararren egoera eta borroka lau haizetara zabalduz.
Aurten ere asmoari eutsiko diogu. Kontua da, batetik eta bestetik galdezka ari zaizkigula, eta zenbait herrik (Larrabetzu eta Zestoa, esaterako), egun berean, abuztuaren 16an, ekimen bera egitea proposatu digutela. Ideia bikaina iruditu zaigu. Zarautzen 3.000 su bola beharrean, herri asko elkartuta, egun eta ordu berean, Sahararen alde milaka eta milaka su bola zeruratu ditzakegu.
Lehen bi urteotako esperientziarekin zerbait ikasita, protokoloa, antolatu beharrekoen irizpideak, zalantzak argitzeko bitartekaritza eta abar bideratuko genuke Zarauzko Udaletik eta Euskal Fondoaren Sahara Koordinazio Unitatetik, baina ideia eta proposamena horixe da: abuztuaren 16an, urtero, gero eta herri gehiago batzea Desioak Sutan Sahararentzat ekimenera, eta egun horretan, ordu berean (22:00etan), Euskal Herria bihurtu dadila Sahararekiko elkartasun ikuskizun eder bezain parte-hartzailea, milaka su bola zeruratuz.
Su bola bakoitza euro batean saldu, eta lortutako dirua Sahararen aldeko elkarteen bitartez errefuxiatuen kanpalekuetara helaraztea proposatzen dugu. Zuen herrian elkarterik baldin bada, haien bitartez bideratzea da irizpidea.
Hurrengo asteotan, ekimenarekin bat egingo duten herrien zerrenda egingo dugu, eta udan aurkeztuko genuke aurtengo asmoa lau haizetara, gurdi honi tiratzeko irrikaz dauden eragileen babesarekin.
Garaiz gabiltza. Abuztuaren 16a urrun dago oraindik, baina erabakiak hartzeko garaia da orain. Zarautz, Larrabetzu edo Zestoarekin batera, zuen herria ere Desioak Sutan Sahararentzat ekimenean aitzindarietakoa izan daiteke, ikuskizuna, parte-hartzea eta herrien elkartasuna uztartuz.
2013 urteko bideo irabazlea:
2013 urteko ekimeneko argazki eta bideoak HEMEN
2014 urteko argazki eta bideo lehiaketaren irabazleak HEMEN
2014 urteko ekimenaren aurkezpena: