Gaurkotasun sahara

Erakunde-adierazpena

14 Urr 2016

Pasa den asteburuan Carlos M. Beristain, Gloria Guzman eta Arantza Chacón El Aaiunera iritsi ziren ASVDH elkarteak antolatutako jardunaldi batzuetan Mendebaldeko Saharan eman diren GGEE bortxaketen inguruko ikerketen emaitzak biktimei aurkeztera. Beraien eskuzabaltasuna eta konfiantza gabe ezinezkoa izango zatekeen lan hau burutzea.  

Marokoar agintariek hiru bidaiariak kanporatu egin  zituzten, beraien presentzia ordena publikorako mehatxua zela argudiatuz. Gainera Gloria Guzman eta Arantza Chacón Casablancan atxikita izan zituzten egun batez. Pasaporteak Madrilen berreskuratu zituzten baina maletak oraindik ez.

Egoera onartezin honen aurrean, ondorengo lerroetan duzuen adierazpenarekin bat egitea proposatzen dizuegu; hala egin ezkero, mesedez bidali iezaguzu kopia bat (ucs-sku@euskalfondoa.org helbidera) jarraipena egin dezagun eta HEGOA Institutuari helarazi diezaiogun.

Erakunde-adierazpena

Iragan igandean, urriak 9, Marokoko gobernuak okupatuta duen Mendebaldeko Saharako eremuan sartzeko aukera ukatu zion giza eskubideen behatzaileen euskal ordezkaritza bati. Euskal ordezkaritza hori kide hauek osatzen dute: Carlos Martín Beristain eta Gloria Guzmán jaun-andreek (Euskal Herriko Unibertsitateko Hegoa-Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuko kideak), eta Arantza Chacónek, Giza Eskubideen Behaketarako Nazioarteko Elkarteko kideak. Aaiunera egindako bisita ASVDH saharar biktimen elkartearen gonbidapenez egin zen; elkarteak duela hilabete batzuetatik hona marokoar agintarien baimena du funtzionatzeko. ASVDH elkartea biktimentzako lehen jardunaldiak antolatzen ari da egunotan, baita bi txosten hauen aurkezpena ere: “Memoriaren Oasia”, giza eskubideen urraketari buruzkoa, eta “Meheris: itxaropen posiblea”, Hegoak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko talde batek, Francisco Etxeberria jaunarekin batera, aurkitutako bi hobi komunei buruzkoa. Hobiotan 8 desagerrarazi zeuden.

Ikerketa-lana Saharako biktima eta erakundeekin partekatzeko ekimen hau, hain zuzen, giza eskubideen alorreko edozein ikerketa-prozesuren parte bat da. Horrez gain, Euskal Fondoak lagundutako ikerketa-proiektu baten parte ere bada[1]. Hori guztia kontuan hartuta, honako hau adierazten dugu:

  1. Aurka egiten diogu giza eskubideen behatzaile eta ikertzaile ezagunek osatutako talde horri sarbidea ukatzeari. Sarbidea ukatzeak agerian uzten du ez dagoela biktimen eskubideak aitortzeko interesik eta zein zaila den haien lana bultzatu dezaketen pertsona eta erakundeekin harremanetan egotea. Ukapen hori, zuzenbidearen aurkakoa izateaz gainera, Saharako egoera hobetzeko beste oztopo bat da, kontuan hartuta zein den helburua: hain zuzen, giza eskubideen errespetua izan dadila gatazkaren irtenbide politikorako oinarria. Egin beharreko jardueran, besteak beste, kontu hauek aztertu nahi ziren: desagerrarazitako biktimen egoera eta pertsona guztiak desagerrarazpenen aurka babesteko Nazioarteko Hitzarmenaren 24. artikuluko 7. paragrafoa. Marokok sinatutako hitzarmen horretan honako hau adierazten da: “bermatu egingo zaie eskubidea dutela desagerrarazpenen inguruabarrak eta desagerrarazitakoen egoera ezartzen laguntzeko eta desagerrarazitako biktimei laguntzeko erakunde eta elkarteak askatasunez eratzeko eta horietan libreki parte hartzeko”.
  1. Berriro ere adierazten dugu saharar herriarekiko elkartasuna, nazioarteko zuzenbideak eta Nazio Batuen hainbat eta hainbat ebazpenek babestutako aldarrikapenei dagokienez. Zehazki, egunero bitarteko baketsuen bidez egoera horren aurka borrokatzen diren saharar emakume aktibistekiko hurbiltasuna adierazi nahi dugu. Hain justu, haien egoera aztertu nahi zuen aipatutako behatzaile taldeak.
  1. Eskerrak eman nahi dizkiegu behatzaile taldeari eta taldeak Mendebaldeko Saharan giza eskubideen alde egiten duen lan eskuzabala babesten duten gizarte-erakundeei, zeregin hori justiziaren eta giza duintasunarekiko errespetuaren adierazpen gailena den aldetik.
  1. Horrenbestez, Marokoko Gobernuaren aurrean egin beharreko ekintza guztiei heltzeko eskatzen diegu Espainiako Gobernuari eta nazioarteko erakundeei, giza eskubideen eta lankidetzaren alorrean lan egiten duten erakunde nahiz elkarteek askatasunez bisitatu ahal izateko Mendebaldeko Sahara. Hori edozein herrialderen gutxieneko baldintza da; inor ezin da egon zuzenbidearen gainetik.
  1. Berresten dugu Mendebaldeko Saharako giza eskubideen urraketa larriak ikertzeko proiektuarekin dugun konpromisoa. Hegoak –Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuak– eta Aranzadi Zientzia Elkarteak garatua, proiektuari esker aurrerabide garrantzitsua egin da egia ezagutzeari, justizia sustatzeari eta biktimei ordaina emateari dagokienez.

Adierazpen honekiko atxikimendua helbide honetara bidaltzea gomendatzen diegu euskal erakunde publikoei:

Embajada del Reino de Marruecos

Norentzat: Mohammed Fadel Benyaich

Embajador

Helbidea: Calle de Serrano, 179, 28002 Madrid

[1] Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren Tolosako Udalaren, Zarauzko Udalaren, Hernaniko Udalaren eta Urnietako Udalaren finantzaketarekin.

Share  Partekatu