Gaurkotasun sahara

Euskal Fondoak Eusko Legebiltzarraren adierazpen instituzional batekin bat egin du

15 Mar 2017

Euskal Fondoako Zuzendaritza Batzordeak, 2017ko martxoaren 13ko bilkuran, Eusko Legebiltzarrak Europako Justizia Auzitegiak Mendebaldeko Saharari buruz emandako epaia betetzearen gainean onartutako adierazpen instituzionalarekin bat egitea erabaki zuen.

Gainera Sahara Koordinazio Unitatetik euskal erakunde publikoetara zabalduko da, adierazpena erakunde bakoitzera egokituta onar dezaten ala dagoenarekin bat egin dezaten.  

Onartutako testuak zera dio:

Adierazpen instituzionala, Europako Justizia Auzitegiak Mendebaldeko Saharari buruz emandako epaia betetzearen gainean.

2016ko abenduaren 21ean, Europako Justizia Auzitegiak erabaki zuen ezen Mendebaldeko Sahara ez dela Marokoko Erresumako zati, eta horrek esan nahi du Europar Batasunaren eta Marokoren arteko ezein merkataritza-akordio ezin dela aplikatu Mendebaldeko Saharan, eta ezin dela merkataritza jarduerarik ezarri, ezta Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak esportatu ere, saharar herriaren onespenik gabe.

Epai hori nahitaez bete behar dute Europako eta Estatuko agintariek; horregatik, beren betebeharra da hori errespetatzea eta, gainera, herritarrei ezagutaraztea, behar bezala aplikatze aldera.

Halaber, NBEko Segurtasun Kontseiluak 2016ko apirilean onetsitako 2285 ebazpenaren arabera, irtenbide politiko bat lortzea eta Magrebeko estatuen arteko kooperazioa hobetzea lagungarriak izango dira eskualdeko egonkortasunerako eta segurtasunerako.

Aurretik egindako adierazpenetan gogoratu izan denez, Espainiak, 1976ko otsailaren 26an, alde egin zuen Mendebaldeko Saharako lurraldetik, bukatu gabe utzirik deskolonizatze-prozesua, NBEren esparruan abiarazita zegoena; hortaz, Espainiako Estatuak erantzukizun historiko, juridiko eta morala dauka saharar herriarekiko. Ildo horretatik, astelehen honetan bertan gogoratu dugu Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren sorreraren 41. urteurrena.

Horiek horrela, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak:

  1. Dei egiten du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2016ko abenduaren 21eko epaia errespetatu eta betetzera, zeinen arabera Marokoren eta Europar Batasunaren arteko asoziazio- eta liberalizazio-akordioak ez diren Mendebaldeko Saharako lurraldean aplikatzen.
  1. Adierazten du kezkatuta dagoela Europako konpainiek Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak ustiatzen dituztelako, zeren gai hori nazioarteko eta Europako zuzenbidearekin kontraesanean baitago; eta berriz ere gogora dakar legez kanpokoa dela saharar herriaren onespenik gabe Mendebaldeko Sahararekin egindako merkataritza-jarduera oro.
  1. Dei egiten die Europako, Espainiako eta Euskadiko konpainiei nazioarteko eta Europako zuzenbideari jarraikiz jarduteko, Mendebaldeko Sahararen marokoar okupazioa iraunaraztea eta horko baliabide naturalen ustiaketa faboratu ditzaketen jarduerak utziz (esaterako, hainbat alorretako jarduerak: arrantza, nekazaritza, fosfato- eta hare-erauzketa, edo energia berriztagarria), eta agintari guztiak bultzatzen ditu indarrean dagoen legeria ezartzera, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren arestiko epaiari jarraikiz.
  1. Bat egiten du euskal gizartearen elkartasun korrontearekin, zeinak urteak daramatzan exijitzen irtenbide politiko bat, bidezkoa, iraunkorra eta alde bientzat onargarria, autodeterminazio-erreferendum baten bidez Mendebaldeko Saharako gatazkari bukaera emango diona.
Share  Partekatu