Gaurkotasun sahara

Ikerketen aurkezpena Donostian

26 Eka 2017

Mendebaldeko Saharako giza eskubideei buruzko ikerketen aurkezpen publikora gonbidatzen zaituztegu, Hegoa Institutuko ikertzaileen eskutik. Ekitaldia ekainaren 29an (osteguna) izango da, 19:00etan, Donostiako San Telmo Museoan.

Honako azterlanak aurkeztuko dira: 

•          “INFOGRAFÍA. Mapa de fosas” (Infografia. Hobien mapa), Carlos Martín Beristainen eskutik. Tresna bisual eta interaktiboa da, eta, horren bitartez, Mendebaldeko Saharako herritarrek giza eskubideen urraketari (epaiketaz kanpoko hilketak, behartutako desagerketak, torturak, sexu-indarkeria, behartutako lekualdatzea eta aterpea, herritar zibilen aurkako bonbardaketak eta abar) dagokionez bizitako historia luzearen berri izan dezakegu. Aipatutako gertakariek jarraitutasuna ematen diete Carlos M. Beristainek Mendebaldeko Saharako giza eskubideei buruz 2010. urtetik koordinatutako hainbat ikerketari.

•       "EN TIERRA OCUPADA. Memoria y resistencias de las mujeres en el Sáhara Occidental”,(Lurralde okupatuan. Mendebaldeko Saharako emakumeen memoria eta erresistentziak)Irantzu Mendia Azcueren eta Gloria Guzmán Orellanaren eskutik. Ikerketa honek aldaketarako tresnatzat hartzen du memoria historikoa, Saharako emakumeen ahalduntzerako bidean erabil daitekeen tresna gisa; era berean, orain dela berrogei urtetik baino gehiagotik Saharako emakumeek bizi dituzten giza eskubideen urraketak dokumentatzeko lanean laguntzeko xedea du, emakumeen ikuspegi eta esperientzietan oinarritutako eta bertatik abiatutako irakurketaren bitartez.

 

Bi lan hauek 2010 urtean Euskal Fondoak martxan jarri zuen prozesuaren azken emaitzak dira (Memoriaren Oasia). Oraingo honetan Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostia, Hernani eta Urnietako udalen laguntza izan dugu.

Oso pozgarria izango litzateke zuek bertan izatea, eta gonbidapen hau hedatzeko laguntza eskatzen dizuegu.

Share  Partekatu