Euskal Fondoa
Lan plangintza
Euskal Fondoa elkartea gobernatzen duten helburu orokorrak 1996an ezarri ziren, garai hartan udalean ordezkaritza zuten alderdi politiko guztiek hitzartutako sorrera-akordioan.
Ordutik hona izan diren Zuzendaritza Batzordeek hasierako adostasun hura berritu eta eguneratu dute, Batzar Orokorrean berretsitako plan operatiboak onartuz. Plan horiek onarpen handia izan dute alderdi politikoen eta lankidetzaren arloan diharduten gizarte-eragileen artean. Datozen lau urteei begira proposatzen den Planak aurreko 2011-2015eko Plan Estrategikoaren jarraibideetan sakondu eta bere esku-hartze ildoak eguneratu nahi ditu.
2016-2019ko PLANAREN HELBURUAK
- 2016-2019eko legealdirako esku-hartze ildo nagusiak zehaztu eta planifikatzea.
- Elkartearen erakundetzea eta hedapena sendotzea.
- Barne-bizitza sustatzea: gobernu-organoen pluraltasuna bermatzea, jardueretan ezarri beharreko lehentasunei buruz akordioak lortzea eta erakunde bazkideen parte-hartzea bultzatzea.
- Jarduera-ildoetan kalitatea hobetzen jarraitzea.
2016-2019ko ESKU-HARTZE ILDOAK
A. Lankidetza-proiektuak
1. jarraibidea. Garapenerako Nazioarteko Agenda osatzen joan diren printzipioei lotua eta Eusko Jaurlaritzak 2014-2017 aldirako erabakitako Euskal Lankidetzaren III. Gida Plan Estrategikoaren osagarria. Elkartearen barne- eta kanpo-gardentasuna bermatzeko behar diren mekanismoak –kanpoko kontu-ikuskapenak, tokietara bertara joatea– xedatuko ditu, lankidetza-politika koherenteagoa, koordinatuagoa eta parte-hartze handiagokoa sustatuz.
2. jarraibidea. Tokiko garapeneko estrategia bat, ikuspegi gizatiar, elkartasunezko eta iraunkor batean oinarritua, esku-hartzearen arloan zehaztutako herrialdeetan elkartasuna eta tokiko erakundeen arteko hartu-emana sustatze aldera. Proiektuetara bideratutako ekarpenen %50 inguru hartzen du ur eta saneamenduaren esparruak. Ingurumen-arloan espezializatzea dakar horrek, Garapen Jasangarrirako Helburuetan ezarritako lehentasunekin bat etorriz.
3. jarraibidea. Lankidetza-proiektuen esku-hartzeak eremu geografiko hauetan gauzatuko dira: Nikaragua, El Salvador, Kuba, Guatemala eta SEAD. Esku-hartzeek utz dezaketen arrastoa eta izan dezaketen eragina aintzat hartuta hartu da erabaki hori. Alde horretatik, egiaztatu da gaur egun Managuan proiektuen jarraipena eta ebaluazioa egiteko nahikoa berme dagoela. Mendebaldeko Saharan, berariazko baliabide bat dugu: Saharako Koordinazio Unitatea (SKU).
4. jarraibidea. Gure tokian tokiko proiektukideen lehentasunezko proiektuak erabat indarrean egongo dira Udal Garapenerako Planetan, eta tokiko gobernuek behar bezala bermatuko dituzte beren eskabideetan. Onarpeneko fasean kontuan izango da tokiko komunitateen parte-hartzea, eta balio erantsi gisa hartuko da gure erakundeetako zerbitzu teknikoek eskain dezaketen kanpo-laguntza, hainbat arlotan: ura, saneamendua, generoa, hirugarren adina, hirigintza, ingurumena eta abar. Proiektuak Eskubideen ikuspegitik baloratuko dira, eta garrantzi handia emango zaio sexuen arteko berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea sustatzeari. Horretarako, Genero Ikuspegiaren Txertaketa gauzatzeko irizpide espezifikoak ahalbidetuko dituen erakunde arteko elkarlana (adituen arteko trukeen bidez) sustatuko da.
5. jarraibidea. Frogatutako esperientzia teknikoa eta ikuspegi partekatua duten nazioarteko eragileen arteko aliantza estrategikoen bilaketa eta sendotzea politika publikoak gauzatzen lagun dezaketenak, maila ezberdinen (tokikoak, nazionalak, nazioartekoak, alde-anitzekoak) arteko konpromisoak uztartuz eragina areagotu ahal izateko.
6. jarraibidea. Euskal Fondoaren estrategiaren funtsezko bi ardatz edo oinarri dira eragileen arteko koordinazioa eta lankidetza-politiken arteko koherentzia. Lankidetzaren esparru zabal eta askotarikoan, gure bereizgarri nagusi bat toki-, herrialde- eta erkidego-mailako erakundeen arteko koordinazioa bideratzea da. Sustatu eta finkatu nahi dugun uztartze- eta koherentzia-lanaren adibide egoki bat Saharako Koordinazio Unitatea (SKU) da.
7. jarraibidea. Larrialdi- eta birgaitze-egoerei aurre egiteko orduan, Elkarteak 2001eko martxoan Bilbon onartu zituen irizpideei jarraituko zaie, eta udal-laguntzak emango dira horretarako ezarri diren koordinazio-erakundeen bidez (Larrialdietarako Arabako Funtsa, Gipuzkoakoa eratzen ari da) edo kasuan kasuko erakunde espezializatuen bidez.
B. Sentsibilizazio-jarduerak
1. jarraibidea. Gure erakundeen parte-hartzea erraztu eta sustatzea: udaletako eta foru-aldundietako baliabide teknikoen bidez (berdintasun-zerbitzuak, ur eta saneamenduko operadoreak, hirugarren adina, hirigintza); proiektuak egiaztatzeko tokietara bertara bidaiak antolatuz; erakunde bazkideen baliabideak eskainiz, erabiliak izan daitezen (erakusketak, DVDak, liburuak); gure erakunde bazkideek bultzatutako jardueretan parte hartuz (elkartasun-azokak, prentsaurrekoak, sentsibilizazio-jardunaldiak, senidetzeak); elkartasuna indartu eta erakundea sendotzeko kanpainak antolatuz.
2. jarraibidea. Erakundeen arteko koordinazioko jardunbide egokiei balioa ematea eta horiek sustatzea, hainbat eragile engaiatuz (SKU, ur-operadoreak, berdintasun-zerbitzuen sarea, unibertsitateak, San Carlos udalerriarekin senidetutako hirien europar sarea, EUDEL) eta hainbat ekimen bultzatuz (jardunaldiak eta konferentziak, topaketak, ikerketak, unibertsitate-ikasketen programak), erakundeen arteko lankidetza sustatze aldera.
3. jarraibidea. Komunikazio-estrategia bat sendotzea, Euskal Fondoak garatzen duen lankidetza deszentralizatua nabarmentzeko eta eredu horren izaera berezia agerian uzteko.
Horretarako:
- Beharrezkoa denean, kanpoko zerbitzu profesionalak kontratuko dira (publizitatea, erakusketak, ikus-entzunezkoen ekoizpena).
- Ohiko komunikazio-bideak erabiliko dira: web orria, jardueren memoria, aldizkako informazio-buletina, Saharako Koordinazio Unitateari buruzko berriak, prentsaurrekoak...
- Ahaleginak egingo dira Euskal Fondoaren ikurra erakunde bazkideek egiten dituzten lankidetza-jarduera publiko guztietan txertatzeko.
C. Erakundeen elkarlana sendotzea
1. jarraibidea. Euskal erakundeen koordinazioa eta osagarritasuna bultzatzea, garapenerako lankidetzaren arloko politika gobernatzen duten printzipioak, Garapenerako Lankidetzari buruzko 1/2007 Legearen 3. artikuluan ezarriak, errespetatuz. Aipatu legean xedatutako koordinazio-organoetan –Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordea eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua– aktiboki parte hartzea.
2. jarraibidea. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin elkarlanerako ildo iraunkor bat sendotzea, elkarren arteko egitasmoen eta Sahara Koordinazio Unitatearen ko-finantziazioaren bitartez erakundeen arteko artikulazioren adierazpen praktiko gisa
3. jarraibidea. Foru Aldundiekin ezarritako lankidetza-ildoan sakontzea eta Bizkaiko Foru Aldundia erakunde bazkide moduan osoko kide gisa sar dadin ahalegintzea.
4. jarraibidea. Bestelako erakundeekin (EUDELekin, unibertsitateekin, Ur Operatzaile Publikoak,..) ditugun akordioak sendotzea eta harremanak bultzatzea beste erakunde batzuekin.
5. jarraibidea. Erakunde berriak sartu edo atxiki daitezen sustatzea, eta erakunde bazkideen konpromisoa eta ekarpena finkatzea.
D. Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa
2011-2015eko Plan Estrategiko hau egingarria izan dadin, haren kudeaketan zintzo bete beharko dira estatutuek Zuzendaritza Batzordeari ematen dizkion eskumenak eta ardurak, eta horretarako beharrezkoa da:
- Estrategia honekin bat egin dezaketen bestelako eragileekin (publiko zein pribatu) elkarlanerako bideak aztertzea.
- Tokian tokiko lankidetza deszentralizatuaren ordezkaritza osoa izatea nazioarteko lankidetzaren arloko erakunde eta foroetan (Fondoen Konfederazioa, PLATFORMA eta EUCOCO).
- Euskal Fondoako erakunde bazkideen parte-hartzea eta pluraltasuna errazteko bideak eta ekimenak sustatzea.
- Lankidetza-proiektuak bideratzeko orduan, erakunde bazkideen askotariko kidetasunak errespetatzea eta elkarren arteko erantzukizuna sustatzea.
E. Kalitatea hobetzeko neurriak
1. jarraibidea. Tokian tokiko proiektukideak prestatzen jarraitzea, txostenak modu egokian egin eta eman ditzaten. Euskal Fondoak horretarako berriki argitaratu duen gidaliburuan ezarritakoa bete dadin exijitzea. Managuako bulegoan proiektuen jarraipena eta ebaluazioa planifikatzea.
2. jarraibidea. Proiektuen alderdi teknikoa hobetzea, udal- eta foru-zerbitzuen laguntza teknikoaz. Aldez aurreko fasea, proiektuak identifikatzekoa, aurrera eramateko baldintzak eta bermeak areago finkatzea.
3. jarraibidea. Lankidetza-proiektuen kanpo-ebaluazioa egiteko tresna erabiltzen jarraitzea.
4. jarraibidea. Lankidetzaren arloan diharduten udal-arduradunei laguntzen eta aholkatzen jarraitzea. Berriro martxan jartzea gai horiek aldizkako prestakuntza-jardunaldietan lantzeko akordioa, EUDELekin sinatua.
5. jarraibidea. Elkarteko kideen parte hartzea sustatzea nazioarteko lankidetzari buruzko prestakuntzako foro eta jardunaldietan, esperientzien trukean, kasu-azterketetan, mintegietan eta ikastaroetan.
Euskal Fondoaren lan ildoak Guatemalan. Irudiak ikusteko sakatu HEMEN